Ohiko Galderak (FAQ)

ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOA

 

EGOITZA ELEKTRONIKOA

 

ZIURTAGIRI DIGITALAK ETA SINADURA ELEKTRONIKOA

 

ERREGISTRO ELEKTRONIKOA

 

ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOA

 

Zer da administrazio elektronikoa?

 

Administrazio elektronikoa edo e-administrazioa tresna multzo bat da, herritarrei eta enpresei modua ematen diena administrazio publikoekin baliabide elektronikoen bitartez komunikatzeko. «Leiho birtual» bakar bat edukitzearen parekoa da. Hari esker, interesdunak gardentasun eta kontrol handiagoaz komunika daitezke administrazioarekin edozein prozeduraren tramitazioa zein egoeratan dagoen jakiteko, eta nabarmen hobetzen da zerbitzuaren kalitatea.

 

Behartuta nago UPV/EHUrekin bide elektronikoak soilik erabiltzera?

 

Pertsona fisikoak nahi duten moduan komunikatu ahal izango dira unibertsitatearekin beren eskubideak baliatzeko eta beren betebeharrak betetzeko, bide elektronikoez egitea nahitaezkoa denean izan ezik.

 

Honako hauek gutxienez behartuta egongo dira bide elektronikoak erabiltzera prozedura administratibo bateko tramiteak egiteko:

 

a) Pertsona juridikoak.

b) Nortasun juridikorik gabeko erakundeak.

c) Elkargo bateko kide izatea nahitaezkoa den jardun profesionalen batean aritzen direnak, baldin eta jardun hori dela egin behar badituzte tramiteak administrazio publikoekin. Talde horretakoak dira, besteak beste, notarioak, jabetzaren erregistratzaileak eta merkataritzako erregistratzaileak.

d) Unibertsitatearekin elektronikoki komunikatzera behartuta dauden interesdunen ordezkariak.

 

Unibertsitateak bere arauetan ezarri ahal izango du berarekin elektronikoki komunikatu beharra prozedura jakin batzuetarako eta pertsona fisikoen kolektibo jakin batzuentzat, alegia, beren gaitasun ekonomikoa, teknikoa, jardun profesionala edo bestelako arrazoiak direla eta, duda barik baliabide elektronikoak eskura eta erabiltzeko moduan dauzkatenentzat.

 

 

EGOITZA ELEKTRONIKOA

 

Gauza bera da "web orria" eta "Egoitza Elektronikoa"? 

 

Ez, ez da gauza bera. Web orriko informazioa irekia da eta edonoren esku dago inongo egiaztapenik egin gabe.  Egoitza Elektronikoaren hasierako orrira edo egoitzaren eduki orokorretara sartzeko ez duzu zeure burua identifikatu behar, baina eduki jakin batzuk ikusteko eta tramite jakin batzuk egiteko, ordea, bai, Egoitza izapide elektronikoak egiteko toki segurua baita.

 

Zer da UPV/EHUren Egoitza Elektronikoa?

 

UPV/EHUren Egoitza Elektronikoa webgune instituzional bat da, zeinaren bidez administratuak unibertsitatearekin komunikatzen diren bertan kudeatzen diren zerbitzu eta tramite elektronikoetan. UPV/EHUk bermatuko du Egoitza Elektronikoko edukiak eguneratuta daudela eta osoak eta benetakoak direla.

 

Nori dago zuzenduta?

 

Internet bidez UPV/EHUrekin harreman elektronikoa izan nahi duten herritar guztiei.

 

Nola identifikatzen naiz Egoitza Elektronikoan?  

 

Egoitza Elektronikoko zerbitzuetara sartzeko eta identifikatzeko, UPV/EHUk sinadura elektronikorako onartutako edozein sistema erabili ahal izango duzu. Agiri elektronikoaren osotasuna eta benetakotasuna bermatuta egon behar denean, sinadura elektroniko aurreratuko sistemak erabili behar dira.

 

Segurua da Egoitza Elektronikoko zerbitzuak erabiltzea?

 

Bai. Segurua eta fidagarria da. Informazio guztia zifratuta dago eta bermatuta dago bi aldeen identitatea; beraz, bi aldeek (erabiltzaileak eta egoitzak) trukatutako datuak ezin ditu hartu beste hirugarren batek. Horrela, bada, UPV/EHUko Egoitza Elektronikoan sartu eta komunikazio segurua izateko, sinadura elektronikoko sistema bat erabiliko da, IZENPEk emandako gailu seguruen bidezko ziurtagiri espezifiko batean oinarritua.

 

Zer egin daiteke Egoitza Elektronikoaren bidez?

 

Zerbitzuetara sartu eta izapideak elektronikoki egin daitezke. Baliabide horren bidez kudea daitezkeen izapideak eta prozedurak arian-arian sartuko dira Egoitza Elektronikoan, eta erabiltzaile Prozeduren Katalogotik sartu ahal izango dira horietara.

Erregistroan dokumentazioa aurkez daiteke, espedienteen egoera kontsultatu, jakinarazpen elektronikoak jaso eta orain arte aurrez aurre egiten ziren kudeaketak egin.

 

Zer abantaila ditu?

 

Unibertsitatearen Egoitza Elektronikoak aukera ematen du aplikazioak erabiltzeko UPV/EHUko erregistroaren bulegoak jendearentzat itxita dauden orduetan; eta, gainera, joan‑etorriak eta itxaronaldiak aurrezten dira, izapideak aurrez aurre egin behar ez direlako.

 

Balio bera al dute Egoitzan egindako kudeaketek eta aurrez aurre egindakoek?

 

Bai, Egoitzaren bidez egindako izapideek eta aurrez aurre egindakoek balio bera dute.

 

Zer da prozeduren katalogoa?

 

Prozedura Elektronikoen Katalogoan biltzen, deskribatzen eta sailkatzen dira unibertsitatean dauden prozedura eta zerbitzu elektroniko guztiak eta bitarteko elektronikoak erabiliz egin daitezkeen izapide guztiak.

Katalogo hori leku agerian dago jarrita Egoitza Elektronikoan. 

 

 

ZIURTAGIRI DIGITALAK ETA SINADURA ELEKTRONIKOA

 

Zer da ziurtagiri elektroniko aitortua?

 

Dokumentu elektroniko bat da, ziurtapen agintaritza batek emana eta sinatua. Pertsona bat (fisikoa edo juridikoa) identifikatzen du eta pasahitz batekin lotzen du. Pasahitz hori publikoa da eta identitate bati atxikitzen zaio (eta, zeharka, baita pasahitz pribatu bati ere). Horrela, identitate hori lotuta geratzen da pasahitza aplikatzen zaien dokumentu guztiei. Lotura hori agintaritza fidagarri batek (ziurtapen agintaritzak) sinatzen du: horrek bermatzen digu pasahitz pare hori ziurtagiriaren jabeari lotuta daudela. Ziurtagiria segurua da pasahitz pribatua bere jabeak baino ez daukalako eta sekula ez zaiolako beste inori ematen (PIN batez babestuta egon ohi da). Ziurtapen agintaritzak ere ez du ezagutzen, hark ziurtagiriaren zati publikoa baino ez baitu sinatzen (eta hor ez dago pasahitz pribatua).

 

«Aitortua» terminoak esan gura du ziurtagiria ematen duen ziurtapen agintaritzak betetzen dituela legeak eskatzen dituen baldintzak eskatzailearen identitatea eta gainerako xehetasunak egiaztatzeko eta zerbitzu fidagarriak eta bermedunak emateko.

 

Zer informazio du ziurtagiri elektroniko batek?

 

Ziurtagiri batek honako informazio hau dauka:

 

  • Ziurtagiriaren titularraren identifikazioa (titularraren izen‑abizenak, IFZ, helbide elektronikoa,…).
  • Ziurtagiriaren bereizgarriak: bertsioa, serie zenbakia, jaulkipen data, iraungitze data, sinaduren algoritmoen identifikatzaileak eta gakoen erabilera, etab.
  • Pasahitz bikote bat: publikoa eta pribatua.
  • Ziurtagiria eman zuen ziurtapen agintaritzaren identitatea.
  • Ziurtagiriaren sinadura elektronikoa, ziurtapen agintaritza horren pasahitzarekin.
  • Ziurtagiriaren zati pribatua: pasahitz pribatua.
  • Ziurtagiriaren zati publikoa: ziurtagiriaren gainerako datuak, ziurtapen agintaritzaren sinadura elektronikoa barne.

 

Zertarako balio du ziurtagiri elektroniko batek eta zer bermatzen du?


Ziurtagiri digitala, laburbilduz, honako hauek ahalbidetzen dituen datu-multzoa da:

 

Erabiltzailearen identitatea hirugarrenen aurrean elektronikoki legestatzea, konfiantzako agintaritza batek balidatuta.

Dokumentu bat modu elektronikoan sinatzea, honako hauek bermatuta:

dokumentu horren osotasuna (ez da manipulatu edo aldatu),

sinatzailearekin duen lotura (ziurtagiriaren titularraren identitatea),

benetakotasuna eta gaitzespenik eza (sinatzaileak ezin du ukatu benetan sinatu zuela).

Kasu batzuetan, sinadura elektronikoak dokumentu baten konfidentzialtasuna bermatzeko aukera ere ematen du, datuak zifratuz, hartzaileak soilik eskura dezan haren edukia. Berme horiek eman daitezke ziurtapen-agintaritza bat dagoelako, zeinak, ziurtagirian sinatuta, ziurtagiriak jasotzen duen identitatea ziurtagiriaren titularrarekin bat datorrela bermatzen duen.

 

Zer ziurtagiri digital onartzen ditu UPV/EHUko egoitza elektronikoak?

 

UPV/EHUko egoitza elektronikoan ondokoak erabil daitezke, besteak beste:

 

  • IZENPEk emandako ziurtagiriak (txartela korporatiboak, herritarren txartela,…)   www.izenpe.eus.

  • Diruaren eta Zerga Zigiluaren Fabrika Nazionalak (DZFN-MEE) emandako ziurtagiriak www.cert.fnmt.es.

  • NAN elektronikoa www.dnielectronico.es.

  • UPV/EHUren egoitza elektronikoan adierazitako beste batzuk.

 

Ziurtapen zerbitzuen emaileen ziurtagiri gehiago.

 

Zer ziurtagiri elektroniko mota daude eskuragarri?

 

Datuak gordetzeko euskarriaren arabera, bi ziurtagiri mota daude:

 

Software bidezko ziurtagiria: haren euskarri fisikoa fitxategi bat da, ordenagailu batean, zerbitzari batean edo nabigatzaile batean gordetzen dena.

Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionalak (FNMT-RCM dohainik ematen du pertsona fisikoentzako ziurtagiri mota hori.

 

Txartel bidezko ziurtagiria: txartel kriptografiko adimendun batean dago.

NAN elektronikoak mota horretako ziurtagiri bat dauka.

Izenperen herritarren ziurtagiria formatu horretan baino ez da ematen.

 

Zer lortzen du ziurtagiria txartel kriptografiko adimendun batean edukita?

 

Txartel kriptografiko adimenduna erabilita, batez ere, ziurtapen-sistemaren segurtasuna areagotzen du, arrazoi hauengatik:

 

Pasahitzak, bai publikoa bai pribatua, txartel kriptografikoan sor daitezke ziurtagiria sortzen den unean.

Txartelean gordetako ziurtagiriaren pasahitz pribatua behar duten zifratze prozesu kriptografikoak txartelean bertan egiten dira (horretarako prozesadorea du). Beraz, pasahitz pribatua ez da inoiz txarteletik ateratzen.

Ziurtagiriak erabili ahal izateko, txartel irakurgailu bateragarri batean sartu behar da eta PINa jakin.. Txartela irakurgailutik atera ondoren, sistemak ezin izango du inolako eragiketarik egin ziurtagiri horiekin.

 

Erabaili ahal da ziurtagiri elektroniko bat baino gehiago?

 

Zure nabigatzailean ziurtagiri elektronikorako software bat baino gehiago izan dezakezu instalatuta eta, erabiltzeko unean, horietako zein erabili nahi duzun galdetuko dizu sistemak.

 

Edozein ordenagailutan erabil dezaket ziurtagiria?

 

Txartel adimenduan gordetako ziurtagiria erabiltzeko, ordenagailuak txartel irakurgailua izan beharko du eta softwarea instalatuta. Ziurtagiria ordenagailuan badago instalatuta, beharrezkoa da ziurtagiria fitxategi batera esportatzea, eta, ondoren, beste ordenagailuko nabigatzailera inportatzea.

 

Zer da sinadura elektronikoa?

 

Sinadura elektronikoa: modu elektronikoan jasotako datuen multzoa. Datu horiek, beste batzuekin batera edo haiekin lotuta, sinatzailea identifikatzeko erabil daitezke.
Sinadura elektroniko aurreratua: sinatzailea identifikatzea eta sinatutako datuen ondorengo edozein aldaketa detektatzeko aukera ematen duen sinadura elektronikoa da. Sinatzaileari eta dagozkion datuei baino ez dago lotuta, eta sinatzaileak bere kontrolpean izan ditzakeen bitartekoen bidez sortu da.
Sinadura elektroniko aitortua: ziurtagiri aitortu batean oinarritutako sinadura elektroniko aurreratua da, eta sinadura sortzeko gailu seguru baten bidez sortzen da.

 

Sinadura elektroniko aitortuak izango du, modu elektronikoan jasotako datuei dagokienez, eskuzko sinadurak daukan balio berbera paperean jasotako datuei dagokienez.

 

Zer berme tekniko eskaintzen dit sinadura elektroniko batek?


Sinadura elektronikoak sinatzailea identifikatzeko eta sinatutako datuen ondorengo edozein aldaketa detektatzeko aukera ematen du, dokumentuarekin eta sinatzailearekin lotuta baitago matematikoki.

 

Zer elementu ditu elektronikoki sinatutako dokumentu batek?


Elektronikoki sinatutako dokumentu batek honako hauek jaso behar ditu:

 

Jatorrizko dokumentua.

Sinatzailearen hatz marka digitala, bere gako pribatuarekin zifratuta.

Sinatzailearen ziurtagiriaren zati publikoa.

 

Pertsonak batek baino gehiagok sina dezakete dokumentu bat?


Dokumentuak hainbat pertsonak edo sinatzailek sina ditzakete. Bi kasu gerta daitezke:

 

Ko-sinadura edo sinadura paraleloa: sinadura anizkoitza da; sinatzaile guztiak maila berean daude eta ez du axola zein ordenatan sinatzen den.

Kontra-sinadura edo sinadura kaskada gisansinadura anizkoitza da; sinatzeko ordena garrantzitsua da, sinadura bakoitzak aurreko sinatzailearen sinadura berretsi edo ziurtatu behar baitu.

 

Zer da egiaztapenerako kode segurua (EKS)?

 

Egiaztapen kode segurua (EKS) sinadura elektronikorako sistema bat da, egintza administratibo automatizatuetan erabil daitekeena. Modua ematen du dokumentu bat ukitua izan ez dela eta unibertsitatearekin lotura duela frogatzeko. Kode bat da, normalean luzera finkoa duena eta karaktere alfanumerikoez osatua dagoena. Unibertsitateak sortutako eta artxibatutako dokumentu bakoitzari kode bat, bakarra, dagokio.

 

Zertarako balio du EKSk?

 

EKS kodearen bidez egiazta daiteke agiri bat osoa eta benetakoa dela eta, sinadura, balioduna. Egoitza Elektronikora bagoaz eta kodea sartzen badugu dokumentuak egiaztatzeko zerbitzuan, kode horri atxikita daukan dokumentua eskuratuko dugu. Kode horrek benetako kopia bihurtzen du bera daraman paperezko dokumentua, eta beste edozein erakundetan aurkeztu ahal izango duzu dokumentua benetakoa dela eta aldatua izan ez dela frogatzeko.

 

https://egoitza.ehu.eus/eu/verifica

 

 

ERREGISTRO ELEKTRONIKOA

 

Zer da Erregistro Elektronikoa?

 

UPV/EHUko Erregistro Elektroniko Orokorra da unibertsitatean eskariak, idatziak, komunikazioak eta bestelako dokumentuak modu elektronikoan aurkezteko UPV/EHUk daukan erregistroa. Egoitza Elektronikoko prozeduren katalogoan ikus daiteke zein prozedura eta tramite egin daitezkeen modu elektronikoan.

 

Zein baldintza tekniko behar da Erregistro Elektronikoa erabiltzeko?

 

UPV/EHUk onartutako sinadura elektronikoko ziurtagiri balioduna (kode pribatuduna).

Autofirma https://firmaelectronica.gob.es/Home/Descargas.html.

Nabigatzailearen bertsio bateragarria:

  • Google Chrome (80. bertsioa edo goragokoa) - Gomendatutako nabigatzailea.

  • Mozilla Firefox (72. bertsioa edo goragokoa).

  • Safari (13. bertsioa edo goragokoa).

  • Internet Explorer - Nabigatzaile ez gomendatua.

  • Java programaren bertsio bateragarri eta eguneratua www.java.com.

 

Erabil dezaket Erregistro Elektronikoa euskaraz?

 

Bai. UPV/EHUren Erregistro Elektronikoaren aplikazioan bertan aukera izango duzu aukeratzeko Euskal Autonomia Erkidegoko zein hizkuntza ofizialetan erabili nahi duzun aplikazioa (Euskara/Gaztelanial) .

 

Zein da Erregistro Elektronikoaren ordutegia?

 

Urteko egun guztietan, eguneko 24 orduetan.

 

Zein egun eta ordu izan behar dut kontuan epeak zenbatzeko?

 

Egoitza elektronikoaren data eta ordu ofizialak izango du legezko balioa epeak zenbatzeko. Gainera, kontuan izan behar da data eta ordu hori izango dela dokumentua Erregistro Elektronikoan erregistratzen den uneari dagokiona, eta ez dokumentua aurkezteko prozesua hasten den uneari dagokiona.

 

Adibidez, eskaera bat erregistro bidez aurkeztu behar duzu, eta epea irailaren 20an amaitzen da. Eskabidea egun horretako 23:55ean betetzen hasten bazara, baina hurrengo eguneko 00: 01ean amaitzen baduzu, eskaria epez kanpo aurkeztuko duzu.

 

Aurkez dezaket eskaria egun baliogabean?

 

Bai. Eskariak urteko egun guztietan eta eguneko 24 orduetan aurkeztu ahal dira, baina legezko ondorioetarako hurrengo egun balioduneko lehenengo orduan hasiko da kontatzen epea (baldin eta ez bada eman berariazko baimena egun baliogabean aurkezteko eskaria).

 

Dokumentuak ordenatuko dira aurkeztu diren egun baliogabeko orduaren arabera, haien aurkezpenaren hurrenkera erabakitzeko. Egun baliogabean aurkeztutako dokumentuak hurrengo lehen egun baliodunean aurkeztutakoak baino lehenagokotzat joko dira, eta, euren artean, goian aipatutako moduan ordenatuko dira.

 

Nola jakin dezaket UPV/EHUk hartu duela Erregistro Elektronikoan aurkeztu dudan eskaria edo idatzia?

 

Erregistro elektronikoak eskaria edo idatzia hartu izanaren agiri bat sortuko du automatikoki, interesdunak emandako datuekin. Agiri hori UPV/EHUk sinatutako fitxategi elektroniko bat da, balio legal osoa eta data-orduen zigilu bat duena. Zigiluak frogatzen du dokumentua data eta ordu jakin horretan sartu zela erregistroan.

 

Behin idatzia edo eskaria Erregistro Elektronikoan aurkeztuta, nola hartuko dut horri buruzko erabakia?

 

Helbide elektronikoa eman baduzu, mezu bat helduko zaizu, jakinaraziko dizuna erabakia, edo espedientearen parte den beste edozein dokumentu, zure esku dagoela jakinarazpen elektronikoen postontzian. Horra sartzeko, joan Egoitza Elektronikora eta sakatu «Area pertsonala > nire karpeta» atalean. Era berean, «nire karpeta» zerbitzuan unean-unean ikusi ahal izango duzu prozeduraren tramitazioa zein egoeratan dagoen.

 

https://egoitza.ehu.eus/eu/area-personal

 

Erabil dezaket UPV/EHUko Erregistro Elektronikoa beste administrazio publiko edo erakunde batzuei zuzendutako dokumentuak aurkezteko?

 

Ez, Bakarrik aurkeztu ahal izango dira UPV/EHUren eskumeneko prozedura eta izapideekin lotutako eskariak, idatziak eta komunikazioak.