Erabakia, 2014ko urtarrilaren 15ekoa, Idazkari Nagusiarena, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) Sinaduren Ontzia sistema ezartzeko dena

AURREKARIAK

Azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 45. artikuluan dio Herri administrazioek (horien artean dago UPV/EHU) teknika eta baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzera eta abian jartzera joko dutela, beren jarduera garatzeko eta eskumenak baliatzeko.

Ekainaren 22ko 11/2007 Legean, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa Izateari buruzkoan (aurrerantzean LAE), jasota dago herri administrazioek informazio teknologiak erabiliko dituztela, eta baliabide elektronikoen bidezko harremanetarako sinadura elektronikoko sistemak onartuko dituztela, betiere, abenduaren 19ko 59/2003 Legeak, Zinadura Elektronikoari buruzkoak, zehaztutakoarekin bat badatoz, eta egokiak baldin badira pertsonak identifikatzeko eta agiri elektronikoen benetakotasuna eta osotasuna egiaztatzeko.

Ildo horretan, UPV/EHUko Erregistro Orokorraren Antolaketa eta Funtzionamendurako eta Erregistro Elektronikoa Sortzeko Arautegiko 26. artikuluak  (Arautegia 2012ko maiatzaren 16an onartu zuen Gobernu Kontseiluak) dio UPV/EHUk artikulu horretan bertan aipatzen diren sinadura elektronikoko sistemak onartuko dituela, nortasuna egiaztatzeko tresna gisa, herritarrekin eta beste herri administrazioekin dituen harreman elektronikoetan, bai eta ordenamendu juridikoak ezarritako baldintzak betetzen dituztenak ere, betiere, identifikatzeko eta agiri elektronikoen benetakotasuna bermatzeko baliagarriak badira.

Horrela, bada, idazkari nagusiaren ustez, Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) gerenteordearekin bat etorrita, komenigarria da unibertsitatean euskarri elektronikoan sortutako administrazio agiriak zerbitzu elektronikoen bidez sinatzeko sistema ezartzea Sinaduren Ontzia izeneko sistemaren bidez. Hori guztia, idazkari nagusiak UPV/EHUn administrazio elektronikoa ezartzearen arloan emanda dituen eskumenen babesean, eta UPV/EHUko Erregistro Orokorraren Antolaketa eta Funtzionamendurako eta Erregistro Elektronikoa Sortzeko Arautegiak 12.3 artikuluan zehaztutakoari jarraituz.

Horregatik guztiagatik, honakoa

ERABAKI DUT:

LEHENENGOA. UPV/EHUk, apurka-apurka, Sinaduren Ontzia sistema ezarriko du unibertsitateko organo, zerbitzu eta administrazio unitateek egiten dituzten administrazio prozedura eta izapide elektronikoen bidez sortutako agiriak elektronikoki sinatzeko.

Ondorio horietarako, Sinaduren Ontzia giri elektronikoak biltzeko tresna da, kasuan kasuko arduradunari agiriok elektronikoki sinatzeko prozesua eta sinadura horren erabilera erraztuko diona.

BIGARRENA. Irakasle eta ikertzaileek, AZPkoek eta gobernu edo/eta ordezkaritzako kide bakarreko organoetako titularrek erabili ahal izango dute Sinaduren Ontzia.

HIRUGARRENA. Sinaduren Ontzia sistemaren bidez agiri elektronikoak sinatzeko, UPV/EHUk sinadura elektronikorako onartutako agirietako bat erabili beharko da (unibertsitatearen txartela, ONA txartela (herri erabilera anitzeko osasun txartela), Herritarraren Txartela, Moneta eta Tinbre Fabrika Nazionalaren Ziurtagiria edo NAN elektronikoa), edo UPV/EHUren Egoitza Elektronikoan zehaztutako beste batzuk.

LAUGARRENA. Aurreko puntuetan zehaztutakoari jarraituz Sinaduren Ontziaren bidez sortutako agiri elektronikoak, jatorrizkoen kopia kautotua dira, eta, beraz, jatorrizkoen balio eta eraginkortasun bera izango dute ondokoei jarraituz: 30/1992 Legeko 45.5 artikulua; 11/2007 Legeko 29. artikulua; 59/2003 Legeko 3. artikulua.
Horretarako, Sinaduren Ontzia sistemaren bidez sortutako sinadura elektronikoak egiaztapen kode segurua (EKS) izango du, eta kode horren bidez, sisteman artxibatutako jatorrizko agiria ikusi ahal izango da eta hartara, sinadura benetakoa eta osoa dela ziurtatu.

BOSGARRENA. Sinaduren Ontziaren bidez agiriak sinatu behar dituen pertsonak mezu bat hartuko du erakundearen posta elektronikoaren bidez jakinaraziz agiriak dituela sinatzeko zain. Mezuak maiztasun jakin batekin hartuko ditu, eta aukera izango du maiztasun hori aldatzeko.

SEIGARRENA.- IKT Gerenteordetzak dauka Sinaduren Ontzia sistemaren gestio teknikoaren ardura, eta eskuliburu bat egingo du baliabide honen erabiltzaileentzako.

José Luis Martín González
UPV/EHUko IDAZKARI NAGUSIA