Erabakia, 2014ko urtarrilaren 15ekoa, Idazkari Nagusiarena, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Irakasle eta Ikertzaileentzako prozedura elektronikoa ezartzeko zenbait ziurtagiritarako eskabideak egin ditzaten

Erabakia

AURREKARIAK

Azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 45. artikuluan dio herri administrazioek (horien artean dago UPV/EHU) teknika eta baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzera eta abian jartzera joko dutela, beren jarduera garatzeko eta eskumenak baliatzeko.

Bestalde, ekainaren 22ko 11/2007 Legeak, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa Izateari buruzkoak (aurrerantzean LAE), 6. artikuluan herritarrei aitortu egiten die herri administrazioekin izan behar dituzten harremanak bitarteko elektronikoz bideratzeko eskubidea. Ondorio horietarako, lege horrek, azken xedapenetatik hirugarrenean, ezartzen du LAEko 6. artikuluan aitortutako eskubideez baliatzeko aukera egongo dela bitarteko elektronikoetara egokitutako prozedura eta jardueretan eta herri administrazio bakoitzak prozedura eta jarduera horien zerrenda argitaratu eta eguneratuta mantenduko duela. Horrekin batera, LAEk ezartzen du herri administrazioek beren prozedurak berriz diseinatu behar dituztela eta aipatutako eskubideak baliatzeko beharrezkoak diren bitarteko tekniko eta elektronikoez hornitu behar dutela.

Zehatzago, UPV/EHUren 2012-2017 Plan Estrategikoan (Gobernu Kontseiluak 2012ko ekainaren 21ean onartua), helburuen artean jasota dago prozesukako gestioa garatuko duela, bizkorragoa, profesionalizatuagoa, eraginkorra, gardena eta adeitsua, gastuaren kontrol eraginkorragoa egiteko konpromisoa hartuta; beraz, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzea bultzatuko da gestio prozesuak optimizatze aldera, eta arautegiak segurtasun eta datuen babeserako indarreko legedira egokitzeko beharrezko egokitzapenak egingo dira.

Hain zuzen ere, administrazio elektronikoaren kontzeptuak biltzen duen alderdietako bat da paper bidez egiten diren prozeduren ordez prozedura elektronikoak ezartzea. Horrela, prozedura elektronikoen bidez papera aurrezteaz gain, unibertsitateko kideek, UPV/EHUrekin harreman elektronikoa izatean, bizkorrago eta arinago egin ahal izango dituzte izapideak, aukera izango baitute Interneterako konexioa dagoen edozein lekutatik egiteko izapideok, betiere, prozedurako beharrezko den euskarri informatikoa izanik eta identifikaziorako datuak zehaztuta.

Horrela, bada, Administrazio Elektronikoko Batzordeak 2014ko urtarrilaren 15ean aldeko iritzia eman ondoren, eta eragindako errektoreordetzak ere ados egonik, Idazkaritza Nagusiaren ustez komenigarria da unibertsitateko irakasle eta ikertzaileek zenbait egiaztagiri eskatzeko prozedura aldatzea eta prozedura elektroniko bihurtzea, eta prozedura hori unibertsitatearen administrazioaren prozedura elektronikoen katalogoan sartzea, guztia UPV/EHUko Prozedura Elektronikoen Katalogoa sortzeko arautegian zehaztutakoa betetzeko.

Prozedurarako aplikazio informatikoak segurtasun tekniko eta juridikorako baldintza guztiak betetzen ditu, aipatutako arautegiko 5.d) artikuluan zehaztutako guztiak, hain zuzen ere.

Horregatik guztiagatik, honakoa

ERABAKI DUT:

LEHENENGOA.- Onartzea UPV/EHUn ezartzea prozedura elektroniko automatizatua unibertsitateko irakasle eta ikertzaileek zenbait ziurtagiri eskatu eta lor ditzaten.

BIGARRENA.- Prozedura hori, elektronikoa baino izango ez dena, UPV/EHUn jardunean dauden irakasle eta ikertzaile guztiei ezarriko zaie prozedura horren bidez eskaintzen den ziurtagiriren bat eskatu nahi dutenerako.

HIRUGARRENA.- Ziurtagiriak eskatzeko prozedura elektronikora sartzeko, UPV/EHUren Egoitza Elektronikoan dagoen administrazioaren prozedura elektronikoen katalogora joan beharko da, irakasle eta ikertzaileen taldera eta prozeduraren ardura daukan organo, zerbitzu eta atalera. Eskari egilea identifikatu egin beharko da LDAPko erabiltzaile eta pasahitza erabilita.

Prozedurak informazio fitxa izango du (I. eranskina) eta horren bidez prozeduraren informazio orokorra lortuko du, bai eta izapideei buruzkoa ere.

LAUGARRENA.- Izapideari hasiera emateko, aplikazio elektronikoan ageri den eskari orria bete behar da: eskari egilearen datu pertsonalak zehaztu behar dira, behar diren ziurtagiriak markatu, eta, behar izanez gero, ikasturtearen hasiera eta amaiera urtea.

Eskaria automatikoki jasoko da UPV/EHUren Erregistro Orokorrean, eta eskari egileak posta elektronikoaren bidez jasoko du eskariaren gordekina.

Eskatutakoa ziurtagiria prest dagoenean, eskari egileari mezu elektronikoa bidaliko zaio jakinarazteko aplikazioan eskuragarri daukala. Mezuan bertan lotura bat ageriko da, ziurtagirira zuzenean joateko.

Ziurtagiriak modu automatizatuan eta formatu elektronikoan sortuko dira eta egiaztapen kode segurua (EKS) izango dute, LAEko 18.1.d) artikuluarekin bat; kode horren bidez, sisteman artxibatutako jatorrizko agiria ikusi ahal izango da eta hartara, sistemak emandako ziurtagiria benetakoa eta osoa dela ziurtatu. Salbuespena izango da UPV/EHUko kide izatearen ziurtagiria, prozedura hori automatizatu gabe dagoenez, eks kodeaz gain arduradunaren sinadura ere izango baitu.

Agiria lortzeko, beste euskarri elektroniko batzuk ere erabili ahal izango dira, ziurtagirian adierazitako QR kodea irakur baldin badezakete.

BOSGARRENA. Aplikazioan eskarien jarraipena egin ahal da, eta eskari egilearen espedientea ikusi.

SEIGARRENA. Ondoko ziurtagiriak eskura daitezke aplikazio informatiko honen bidez:

Emandako zerbitzuetarako:

  • a) Zerbitzuen orria
  • b) Bosturtekoak
  • c) Seiurtekoak
  • d) Irakats betebeharrak
  • e) Irakaskuntzako kredituen aitorpena
  • f) Irakasleen Irakaslanaren Ebaluazioa (Docentiaz).
  • g) UPV/EHUko kide izatearen ziurtagiria
  • h) Ikasleen iritsi inkesten txosten laburtua, azken bost urteetakoa.

Graduko ikasketetarako:

  • i) Gradu Amaierako Lanaren/Gradu Amaierako Proiektuaren zuzendaria
  • j) Gradu Amaierako Laneko/Gradu Amaierako Proiektuko epaimahaikidea

Graduondoko ikasketetarako:

  • k) Masterreko arduraduna
  • l) Master amaierako lanaren zuzendaria
  • m) Master amaierako laneko epaimahaikidea
  • n) Doktorego programako arduraduna
  • o) Doktorego tesiaren zuzendaria
  • p) Doktorego tesiko epaimahaikidea

ZAZPIGARRENA.- Informazio eta komunikazio teknologien arloko (IKT) eskumenak dituen gerenteordetzari dagokio aplikazioaren gestio teknologikoa, eta aplikazioa erabiltzeko gida egingo du.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA.- UPV/EHUren egoitza elektronikoa sortu arte, prozedura hau UPV/EHUren WEB orriaren barnean egongo da.

José Luis Martín González
UPV/EHUko IDAZKARI NAGUSIA

I. Eranskina

INFORMAZIO FITXA

A) DATU OROKORRAK

  • Izenburua: Ziurtagiriak - irakasle eta ikertzaileen eskariak
  • Azalpen laburra: Prozedura honen bidez UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileek zenbait ziurtagiri eskatu ahal dituzte.
    • EMANDAKO ZERBITZUETARAKO:
      • Zerbitzuen orria
      • Bosturtekoak
      • Seiurtekoak
      • Irakats betebeharrak
      • Irakaskuntzako kredituen aitorpena
      • Irakasleen Irakaslanaren Ebaluazioa (docentiaz).
      • UPV/EHUko kide izatearen ziurtagiria
      • Ikasleen iritsi inkesten txosten laburtua, azken bost urteetakoa.
    • GRADUKO IKASKETETARAKO:
      • Gradu Amaierako Lanaren/Gradu Amaierako Proiektuaren zuzendaria
      • Gradu Amaierako Laneko/Gradu Amaierako Proiektuko epaimahaikidea
    • GRADUONDOKO IKASKETARAKO:
      • Masterreko arduraduna
      • Master amaierako lanaren zuzendaria
      • Master amaierako laneko epaimahaidea
      • Doktorego programako arduraduna
      • Doktorego tesiko zuzendaria
      • Doktorego tesiko epaimahaikidea
  • Zerbitzu edo atal arduraduna: Eskatutako ziurtagiriaren arabera:
    • Irakasleen Zerbitzua / Langileen Zerbitzua Zerbitzuen orria, bosturtekoak, seiurtekoak, UPV/EHUko kide izatearen ziurtagiria.
    • Irakaskuntza Plangintzako Zerbitzua: Irakats betebeharren ziurtagiria eta onartutako irakaskuntzako kredituen ziurtagiria
    • Irakaslana Ebaluatzeko Zerbitzua: Irakasleen Irakaslanaren Ebaluazioa (docentiaz) eta azken bost urteetakoa ikasleen iritsi inkesten txosten laburtua.
    • Graduondoko Ikasketen Zerbitzua: Gradu Amaierako Lanaren/Gradu Amaierako Proiektuaren zuzendari lanaren ziurtagiria eta Gradu Amaierako Lanaren/Gradu Amaierako Proiektuaren epaimahaiko kidearen ziurtagiria
    • Graduondoko Ikasketen Zerbitzua: Masterreko arduradunaren ziurtagiria, Master amaierako lanaren zuzendariaren ziurtagiria, Master amaierako lanaren epaimahaiko kidearen ziurtagiria, Doktorego programako arduradunaren ziurtagiria, Doktorego tesiko zuzendariaren ziurtagiria eta Doktorego tesiko epaimahaiko kidearen ziurtagiria.
  • Eskari egilea:  UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileak

B) IZAPIDEEN DATUAK

  • Hasteko modua: Interesatuak berak eskatuta
  • Izapidetzeko modua:  Bide telematikoaren bidez
  • Izapidea egiteko lekua: Egoitza Elektronikoa
  • Eskaera egiteko epea: Edozein unetan
  • Baldintzak: UPV/EHUko irakasle edo ikertzailea izatea eta eskari orria betetzea, bertan adierazita zein ziurtagiri nahi den.
  • Izapiderako behar den dokumentazioa:  Bat ere ez
  • Tasak: Ez da tasarik ordaindu behar
  • Administrazioko izapide edo jarduera kopurua:
    • Aplikazioan sartzea LDAP gakoak erabilita
    • Eskari orria betetzea zein ziurtagiri nahi den zehaztuta eta eskaria bidaltzea.
    • Sistemak berak erregistratzen du eskaria unibertsitatearen Erregistro Orokorrean.
    • Eskari egileak posta elektronikoz jasotzen du eskariaren gordekina.
    • Ziurtagiria prest dagoenean, eskari egileari mezua bidaliko zaio posta elektroniko bidez, jakinarazteko ziurtagiria jaitsi ahal duela aplikaziora joanda. Ziurtagiriak modu automatizatuan eta formatu elektronikoan sortuko dira; sinadura elektronikorako egiaztapen kode segurua (EKS) izango dute. Salbuespena izango da UPV/EHUko kide izatearen ziurtagiria, eks kodeaz gain arduradunaren sinadura ere izango baitu.
  • Araudia:
    • azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena.
    • Ekainaren 22ko 11/2007 Legea, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa Izateari buruzkoa.
    • Abenduaren 19ko 59/2003 Legea, sinadura elektronikoari buruzkoa
    • abenduaren 13ko 15/1999 Legea, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa
    • UPV/EHUn Bitarteko Elektronikoen Erabilera Arautzeko eta Egoitza Elektronikoa Sortzeko Arautegia
    • UPV/EHUko Erregistro Orokorraren Antolaketa eta Funtzionamendurako eta Erregistro Elektronikoa Sortzeko Arautegia
    • UPV/EHUko Prozedura Elektronikoen Katalogoa Sortzeko Arautegia
    • Idazkari nagusiaren erabakia, UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileentzako prozedura elektronikoa ezartzeko xedez emandakoa, horren bide zenbait ziurtagiritarako eskabideak egin ditzaten.
  • Ebazteko epea: Ia berehala: minutu gutxi batzuk.
  • Isiltasunaren ondorioak: --------
  • Administrazio bidearen amaiera: --------
  • Informazio zabalagoa: PII Ziurtagiriak eskatzeko aplikazioaren laguntza eskuliburua.