Erabakia, 2014ko abenduaren 18koa, UPV/EHUko Unibertsitateko Idazkari Nagusiarena, UPV/EHUren Egoitza Elektronikoa abian jartzeko agindua emateko dena

GERTAKARIAK

Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa Izateari buruzko ekainaren 22ko 11/007 Legeak egoitza elektronikoaren kontzeptua sortu zuen, eta honela definitu: "Egoitza elektronikoa da herritarrek balia dezaketen helbide elektroniko bat, herri administrazio batek bere jabetzakoa den eta bere eskumenak erabiliz kudeatu eta administratzen duen telekomunikazio sare baten bitartez eskainia".

Era berean, UPV/EHUren egoitza elektronikoa sortu eta arautzeko xedez, unibertsitateko Gobernu Kontseiluak UPV/EHUn Bitarteko Elektronikoen Erabilera Arautzeko eta Egoitza Elektronikoa Sortzeko Arautegia onartu zuen (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua 2013ko irailaren 6an), bai eta arautegi hori garatzen duen UPV/EHUren Egoitza Elektronikoaren funtzionamenduari eta edukiei buruzko arautegia ere (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua 2014ko abenduaren 15ean).

UPV/EHUren Egoitza Elektronikoa ezartzearen helburua da, batetik, erraztea unibertsitateko zerbitzuetara heldu eta izapideak egiteko era eta, bestetik, sortzea espazio bat unibertsitatearen eta herritarren arteko komunikaziorako, berme guztiekin, administrazio kudeaketaren alorrean, bereizita erakundearen web orriaren kontzeptua eta egoitza elektronikoaren kontzeptua.

Egoitza Elektronikoa abian jartzeko beharrezkoak dira baldintza tekniko batzuk eta nagusietako bat da sinadura elektronikoko sistema izatea, gailu seguru bateko ziurtagiri zehatz batean oinarritua, egoitza horretan sartu eta unibertsitatearen eta herritarren arteko komunikazio segurua izan dadin. UPV/EHUk badauka bere ziurtagiria, Egoitza Elektronikoaren domeinua identifikatzen duena (egoitza.ehu.eus).

Idazkari nagusiak, UPV/EHUn Bitarteko Elektronikoen Erabilera Arautzeko eta Egoitza Elektronikoa Sortzeko Arautegiko lehenengo xedapen iragankorrak emandako eskumenak erabilita, eta ikusita unibertsitateak badauzkala egoitza elektronikoa abian jartzeko beharrezkoak diren berme tekniko eta juridiko guztiak, honako hau


ERABAKI DU:

Lehenengoa.- Agindua ematea abian jartzeko UPV/EHUren Egoitza Elektronikoa 2014ko abenduaren 19an eguerdiko 12etan. UPV/EHUren Egoitza Elektronikoaren helbidea egoitza.ehu.eus da. Horren bidez, zuzenean sartu ahal izango da bertan; bestela, UPV/EHUren web gunean (www.ehu.eus) dagoen loturaren bidez.

Bigarrena.- Egoitza Elektronikoak eduki hau izango du abian jartzean:

  • a) Egoitza Elektronikoaren nabigazio mapa.
  • b) Egoitza Elektronikoaren informazio eguneratua, argi eta garbi ikusgarri jarrita zein den egoitzaren gestioaren eta administrazioaren organo arduraduna; egoitzan jasota egongo da, era beran, egoitzari buruzko arautegia.
  • c) UPV/EHUren Erregistro Elektronikoa.
  • d) Prozedura Elektronikoen Katalogoa, irakasle eta ikertzaileen baimenetarako prozedura elektronikoa barne hartzen duena.
  • e) Unibertsitateari buruzko arautegiak, banatuta, batetik, arau orokorrak, eta, bestetik, UPV/EHUrenak berarenak.
  • f) Postontzi elektronikoa, horren bidez erabiltzaileek aukera izan dezaten UPV/EHUren Egoitza Elektronikoari buruzko kexuak azaldu eta iradokizunak egiteko.
  • g) Kontratatzailearen profila
  • h) Baliabide elektronikoen bidez erakundearekin komunikatzeko onartuta dauden sinadura elektronikoko sistemei buruzko informazio orokorra.
  • i) UPV/EHUk administrazio jardunean erabiltzen dituen zigilu elektronikoen zerrenda.
  • j) Unibertsitateak emandako agiri elektronikoak benetakoak eta zuzenak direla egiaztatzeko sistema.
  • k) UPV/EHUko administrazio prozeduren izapideak zertan diren elektronikoki kontsultatzeko aukera emango duen atal bat (Nire Kudeaketak izenburua izango du).
  • l) Egoitza Elektronikoko erabiltzeen ohiko galderak bilduko dituen atal bat.
  • m) UPV/EHUren Egoitza Elektronikoak erabiltzen dituen data eta ordu ofiziala.
  • n) Egun baliogabeen zerrenda.
  • o) UPV/EHUn datu pertsonalak eta pribatutasuna babestearen arloko informazioa, Datuen Babeserako Euskal Agentziaren lotura adierazita.
  • p) Irismenari buruzko informazioa.
  • q) Jabetza intelektualari eta industria jabetzari buruzko informazioa.
  • r) Lotura interesgarriak.

Hirugarrena.- Egoitza Elektronikoko edukiak apur-apurka joango dira ezarriz.

Leioa, 2014ko abenduaren 18a

 

José Luis Martín González
UPV/EHUko IDAZKARI NAGUSIA