Erabakia, 2014ko abenduaren 18koa, UPV/EHUko Idazkari Nagusiarena, Unibertsitateko Irakasle eta Ikertzaileen zenbait baimenetarako prozedura elektronikoa ezartzeko, eta prozeduren katalogoan sartzeko

AURREKARIAK

Ekainaren 22ko 11/2007 Legeak, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa Izateari buruzkoak, 6. artikuluan herritarrei aitortu egiten die herri administrazioekin izan behar dituzten harremanak bitarteko elektronikoz bideratzeko eskubidea. Lege honen helburuetako bat da herri administrazioen barne funtzionamendua hobetzea, eta informazio teknologien bidez eraginkortasuna eta efikazia areagotzea, betiere, eginkizun horietarako lege bermeak izanda. Bestalde, legeak ezartzen du herri administrazioek beren prozedurak berriz diseinatu behar dituztela eta aipatutako eskubideak baliatzeko beharrezkoak diren bitarteko tekniko eta elektronikoez hornitu behar dutela.


Aurreko paragrafoan zehaztutakoa betetze aldera, Gobernu Kontseiluak zenbait araudi onartu ditu UPV/EHUn Egoitza Elektronikoa ezartze aldera. Horrela, bada, batetik, UPV/EHUn Bitarteko Elektronikoen Erabilera Arautzeko eta Egoitza Elektronikoa Sortzeko Arautegia onartu zuen, eta 7. artikuluan araututa dago administrazio prozedura elektronikoen katalogoa, eta dio bertan jasota egon behar direla bitarteko elektronikoen bidez egin daitezkeen prozedura eta izapide guztiak; bestetik, UPV/EHUko Prozedura Elektronikoen Katalogoa Sortzeko Arautegia onartu zuen, aipatutako artikulu horretan adierazitakoa garatzeko.


UPV/EHUko Prozedura Elektronikoen Katalogoa Sortzeko Arautegiko xedapen gehigarrietatik bigarrenean zehaztuta dago prozedurak katalogoan sartu aurretik fase pilotu bat egongo dela, eta, besteak beste, irakasle eta ikertzaileen baimenetarako izapideei eragingo diela.


Beraz, Idazkaritza Nagusiak, Administrazio Elektronikoaren Batzordeak aldeko txostena eman ondoren eta Irakasle-ikertzaileen arloko Errektoreordetzarekin eta Informazio eta Komunikazio Teknologien Gerenteordetzarekin elkarlanean, irakasle eta ikertzaileen zenbait baimenetarako prozedura elektronikoa ezartzea erabaki du eta, hortaz, prozedura hori unibertsitatearen Prozedura Elektronikoen Katalogoan sartzea; hori guztia, prozedura horretarako erabiliko diren baliabide elektronikoak segurtasun tekniko eta juridikorako berme guztiak dituztela egiaztatu ondoren (aipatutako arautegiko 5.d) artikuluan zehaztutakoak).

Hori guztia kontuan hartuta, idazkari nagusiak, emanda dituen eskumenen babesean, ondokoa


ERABAKI DU:

Lehenengoa.- Onartzea unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen zenbait baimenetarako prozedura elektronikoa ezartzea, eta Prozeduren Katalogoan sartzea. Prozedura horien helburua da bitarteko elektronikoen bidez erraztea baimenak eskatu, izapidetu eta ebazteko prozedura, betiere, indarreko legediaren babesean.
 

Bigarrena.- Prozedura hau ezarriko zaie UPV/EHUn zerbitzuak betetzen egonik lanpostua aldi baterako utzi behar dutelako baimenen bat eskatu nahi duten irakasle eta ikertzaile guztiei, baimen horiek onartu behar dituzten arduradun guztiei (saileko zuzendariei, ikastegietako dekano eta zuzendariei eta Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeari) eta Irakasleen Zerbitzura atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileei.
 

Hirugarrena.- Unibertsitateko araudiari jarraituz, irakasle eta ikertzaileen baimenak Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeak onartu behar ditu (eskuordetu gabeko baimenak). Hala ere, zenbait baimen onartzeko eskumena ikastegietako dekano eta zuzendariek daukate eskuordetuta (eskuordetutako baimenak).
 

Laugarrena.- Baimenak eskatzeko prozeduran sartzeko, UPV/EHUko Egoitza Elektronikoko (egoitza.ehu.eus) Administrazio Prozedura Elektronikoen Katalogora joan behar da.
Prozedura bakoitzak informazio fitxa izango du eta horren bidez, prozeduraren informazio orokorra lortu ahal izango da, bai eta izapideei buruzkoa ere.
 

Bosgarrena.- Oro har, eskaria prozedura fitxan adierazitako epearen barruan egin behar da. Hala ere, lehenengo fase honetan, eta kontrakorik adierazten ez den bitartean, epez kanpo ere egin ahal izango da eta sistemak ez du trabarik jarriko aurrera egiteko.
 

Seigarrena.- Katalogoan baimena aukeratu ondoren, eskari egilea identifikatu egin beharko da unibertsitateak onartutako ziurtagiri elektronikoren bat erabilita (Izenperen ziurtagiri digitala daukan unibertsitatearen txartela, NAN elektronikoa edo Moneta eta Tinbre Fabrika Nazionalaren ziurtagiria). Behin indentifikatuta, baimenerako eskari eredua bete behar du.
Saileko zuzendariaren baimena daukan irakasle edo ikertzaile horren irakats betebeharrak eta tutoretzakoak ezin izango dira inolaz ere bete gabe geratu. Beraz, eskaria egitean, zehaztu behar da baimenaren epe horretan irakats lanik eta tutoretzarik egin behar den, eta egin beharra baldin badago, adierazi egin behar da zelan beteko den lan hori. Edozelan ere, saileko zuzendariaren erantzukizuna da eskolak eta tutoretzak beteta daudela bermatzea eta irakasle edo ikertzaileak eskatutako baimenak ez duela arlo horretan eraginik izango.

 

Bestalde, baimena arrazoitu beharra dagoenean, eskariari dokumentazioa erantsiko zaio (informazio fitxan dago zehaztuta kasu bakoitzean erantsi beharreko dokumentuak). Zenbait kasutan, dokumentu horiek baimena bukatu ondoren erantsi behar dira. Horrelakoetan, kasuan-kasuan adierazitako epean dokumentaziorik erantsi ezean, horren berri emango zaio Irakasleen zuzendariari egoki den prozedurari hasiera eman diezaion.


Eskaria behar bezala bete ondoren, sinadura elektronikoa jarri behar da, eta bidali. Sistemak modu automatikoan erregistratuko du eskaria UPV/EHUko Erregistro Orokorrean, eta eskari egileak egiaztagiria eskuratu ahal izango du.


Zazpigarrena.- Eskaria saileko zuzendariari helduko zaio, eta balidatu egingo du; ondoren, proposamen hori ikastegiko dekano edo zuzendariari helduko zaio, eta baimena emateko eskumenak eskuordetuta baditu, onartu edo ezetsi egingo du; berriz, ez baditu eskumenak eskuordetuta, balidatu baino ez du egingo. Azken kasu horretan, Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeak onartu edo ezetsiko du eskaria.


Erabakiaren sinadura elektroniko egiteko Sinaduren Ontzia-ren joan behar da.


Zortzigarrena.-  Eskari egileak bere eskariaren jarraipena egin ahal izango du, eta uneoro jakin ahal izango du zein egoeratan dagoen bere izapidea. Aukera hori UPV/EHUren Egoitza Elektronikoaren barruan (egoitza.ehu.es) dagoen Nire kudeaketak atalaren bidez egin ahal izango du.


Eskari egileak eskaria bertan behera uzteko aukera ere badauka (betiere, eskaria ebatzi gabe badago). Horretarako, Nire Kudeaketak atalean sartu eta kasuan kasuko espedientera joan behar da, eta "Atzera egin" botoian sakatu. Ondorioz, prozedura bukatu egingo da eta eskari egileak jakinarazpena hartuko du horren berri emateko.


Era berean, Nire Kudeaketak atalaren bidez, onartutako baimena bertan behera utzi ahal izango du, betiere, baimena indarrean sartu gabe baldin badago.


Bederatzigarrena.-  Prozedura behin bukatuta, eskari egileak mezua hartuko du posta elektronikoaren bidez eta jakinaraziko zaio erabakia eskuragarri daukala. Erabakia eskuratzeko Nire Kudeaketak atalera joan behar da.
Erabakia formatu elektronikoan sortuko da eta ondokoak izango ditu: sinadura elektronikoa, QR kodea eta egiaztapenerako kode segurua (EKS), eta horren bidez egiaztatu ahal izango da sisteman eskuragarri dagoen agiria benetakoa eta osoa dela.


Hamargarrena.- Ondokoak dira prozeduren katalogan sartuko diren baimen motak:


NORBERAREN KONTUETARAKO BAIMENAK

  •  Ikasketa ofizialak egitea – 4 hilabete
  •  Ikasketa ofizialak egitea – lanaldi murrizketa
  • 3 hilabete 2 urterik behin
  • Sei hilabetetik urte batera
  • Administrazio eta erakunde publikoetako lan eskaintzako deialdiak (eguneko baimena)
  • Administrazio eta erakunde publikoetako lan eskaintzako deialdiak (ordukako baimena)
  • Zereginen bat burutzea garatzeko bidean dauden herrialdeetan
  • Lanaldia murriztea (1/2, 1/3, 1/5 edo 1/8)
  • Preso dauden senideei bisita egitea (eguneko baimena)
  • Preso dauden senideei bisita egitea (ordu batzuetarako baimena)

 

UTZIEZINEKO ZEREGIN PUBLIKO EDO PRIBATUAK BETETZEKO BAIMENAK

  • Seme-alaben irakasle edo tutoreekin bilera izatea
  • Hauteskundeetan hautagaia izatea
  • Zitazioak eta zenbait izapide
  • Hauteskundeetan hauteskunde mahaiko burua, kidea edo ikuskatzailea izatea
  • Hauteskunde sindikalak - hauteskunde mahaiko burua, kidea edo ikuskatzailea izatea
  • Hauteskunde sindikalak – hautesle izatea
  • Hauteskunde sindikalak – hautagai zerrendakoa izatea

 

ADIN TXIKIKOAK EDO SENIDEAK ZAINTZEKO BAIMENAK:

  • Aparteko arreta behar duen adinekoa jagotea
  • Gaixotasun larri eta luzea edo drogamenpekotasuna duen langilearen ezkontidea, izatezko bikotekidea, edo 2. mailarainoko odolkidetasuna edo ezkontza ahaidetasuna daukan senidea jagotea, bai eta urrunagoko maila izan arren langilearekin bizi dena ere.
  • 12 urtetik beherako adingabea jagotea
  • Lan ordaindua egiten ez duen ezindu fisiko, psikiko edo sentsoriala jagotea
  • Lanaldia murriztea % 65eko edo hortik gorako ezgaitasuna daukan semea edo alaba zaintzeko

 

EKITALDI KOLEKTIBOETARAKO BAIMENAK

  • 15 egun baino gutxiago iraungo duten ekitaldi edo bileratara joatea
  • 15 egun baino gehiago iraungo duten ekitaldi edo bileratara joatea

 

AMATASUN/AITATASUN/ADOPZIO/BULARRA EMATEKO BAIMENAK:

  • Adopzioa edo harrera (ezin da bitarteko elektronikoen bidez egin)
  • Haurdunaldia, erditzea eta bularra ematea (ezin da bitarteko elektronikoen bidez egin)
  • Aitatasuna
  • Erditzea prestatzeko saioak
  • Haurdunaldiko azterketak

 

EZKONTZARAKO BAIMENAK:

  • Senideen ezkontza
  • Norbera ezkontzea edo izatezko bikotea osatzea

 

IKASKETETARAKO BAIMENAK:

  • Langileak betetzen dituen zereginekin edo lanpostuarekin lotura zuzena daukaten ikasketak
  • Langileak betetzen duen zeregin edo lanpostuarekin lotura zuzenik ez duten ikasketak eta azterketak (eguneko baimena)
  • Langileak betetzen duen zeregin edo lanpostuarekin lotura zuzenik ez duten ikasketak eta azterketak (ordu batzuetarako baimena)

 

MEDIKURA JOATEKO BAIMENAK:

  • Kontsulta, tratamendu edo azterketa medikoetara joateko baimena, bai langileak berak joan behar duenean bai langilearen senideek joan behar dutenean

 

BAIMENAK, SENIDEEN ISTRIPU, GAIXOTASUN LARRI EDO HERIOTZAGATIK

  • Senideen istrupua edo gaixotasun larria (2. mailako edo maila handiagoko senideak)
  • Senideen gaixotasun larria edo heriotza (ezkontidea, bikotekidea, seme-alaba edo maila handiagoko senidea)
  • Senideen heriotza (2. mailakoa edo maila handiagokoa)

 

BESTE BAIMEN BATZUK:

  • Kargu hautetsia izateari lotutako zereginak: Lanaldiaren murrizketa
  • Oporraldia aldatzea
  • Oporraldia aldatzea, familiako bizitza eta laneko bizitza bateragarri egiteko.
  • Ohiko etxebizitzaz aldatzea

 

Hamaikagarrena.-Aldi batez, irakasleen baimenak paperean edo bide elektronikoen bidez izapidetu ahal izango dira. Idazkari nagusiak, Gobernu Kontseiluak 2013ko uztailaren 18an hartutako erabakia betetze aldera, jakinaraziko du noiztik aurrera izapidetu beharko diren baimen horiek nahitaez bide elektronikoen bidez.


Hamabigarrena.- Ahalmena ematen zaie idazkari nagusiari, Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeari eta Informazio eta Komunikazio Teknologien gerenteordeari prozedura elektronikoak behar bezala erabiltzeko beharrezko diren jarraibide eta gidak zehazteko, eta prozedura horiek eguneratuta izateko beharrezko diren aldaketa teknikoak egiteko, bai eta xede horretarako antolaketan egin beharreko aldaketak egiteko ere.
Leioa, 2014ko abenduaren 18a

José Luis Martín González
UPV/EHUko IDAZKARI NAGUSIA